Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2016-05-19

Instituzioen mugak aldaketan

Azken hiruzpalau urteetan "aldaketaz" hitz egin da instituzioetan. Duela egun gutxi bost urte bete dituen M15 hura geroztik hainbat talde politiko indartu egin dira zeudenen gainean. Podemos dugu honen adibide garbia. Talde berri hauek, edo ia gehienek, ezkerreko politiken aldarria direla diote, baina ongi ikertu beharko lirateke benetan zer diren jakiteko.

Zer da ezkerra gaur egun? Zer da askok aldarrikatzen duten sozialismo berria edota XXI. mendeko sozialismoa? Zer dago lehengo sozialismoaren eta oraingo sozialismoaren arteko diferentzi horretan?

Ezkerrekoak direla diotenek argi dute sistema kapitalista ez dela gai giza indarrak gaur egun egin ditzakeen garapenak jasateko. Izugarri mugatzen du giza gaitasuna. Izan ere, urtero milaka proiektu botatzen dira atzera "diru-falta" dela eta: medikuntzan, musikan, antzerkian... Baina dudatan jartzen dut "ezkerreko" talde berri eta ez hain berriek benetan sistema atzerakoi hau aldatu nahi duten.

Azkeneko mendeetan munduko herrialde askotan ezarri den demokrazia honetan partidu politiko ezberdinen ordezkariak aukeratzen ditugu. Edo hala diote behintzat. Talde politikoek zerbait lortu nahi badute botoak behar dituzte, eta askotan hori ez da nahikoa gauza aldatzeko, gauden Europar Batasun honetan liberalismotik urruntzen denak hesia aurkitzen baitu beti. Orduan, antolakunde politikoek zentrorantz bideratzen dute haien diskurtsoa eta azkenean beraien hitzak apaltzen joaten dira, elite ekonomikoen onerako. Guzti honekin, azkenik, gizarteak ezker-eskuin kontzepzioa galdu egiten du eta banaketa osoa eskuinerantz mugitzen du, lehen zentroan zegoena orain ezkerrekoa dela esanez. Horrela, PSOE bezalako talde liberal bat ezkertzat hartzen dugu, nahiz eta hau guztiz eskuinean egon.

Bale. Honaino iritsi gara. Eta orain? Horrelako sistema egituratu eta zurrun baten aurrean nola jokatu? Badago irtenbidearen bidean jarriko gaituen apustu bat: herri mugimenduaren independentzia. Herriak eraiki behar ditu bere askatasunera eramango dituen erremintak. Instituzioek iraultzaren oinarriak jarriko dituztela pentsatzen duen hura oker dago. Guk gure burmuin eta eskuak erabiliz eraiki behar ditugu benetako ALDAKETARAKO baldintza materialak. Elite ekonomiko menperatzaileak ez du beldurrik, ez baitu hau sentitzeko ezer oraintxe bertan. Herri boterea izan behar da aldaketaren subjektu, eta ez alderdi politiko baten sigla gezurtirik. Botereak gure mugimenduaren beldurra sentitzea izango da gauzak ongi egiten ari garenaren seinale.

Ohartxo bat: artikulu hau irakurtzean norbaiti iraultza edo herri boterea hitzak irakurtzeak burukomin edo antzekorik sorrarazi badio, mesedez, egin dezala bere buruan gogoeta, seguru aski bera esplotatu nahi duen horrek bere eskuin-ezker kontzepzio hori eskuineratua izango baitu jada.

Diseño y desarrollo Tantatic