Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2018-03-26

Friki Txoko X: Neuromancer

Oraingoan paperera itzuliko gara, merezi duena baina ospe gutxiago duen eleberri batekin. William Gibson idazlearen “Neuromancer” eleberria (gazteleraz, Neuromante) 1984. urtean argitaratu zen eta urte hartako Nebula, Hugo eta Philip K. Dick sariak irabazi zituen , zientzia fikzioaren sari garrantzitsuenetako hiru, eleberri gutxik lortu dutena.

Eleberri hau cyberpunk generoaren aitzindari nagusia kontsideratzen da, gertuko etorkizun bat nobela beltzarekin maisuki nahasten duen generoa.

Idazleak, esan bezala, etorkizuneko mundu bat aurkezten digu non arrunta den jendeak gorputzean gehigarri mekanikoak txertatua izatea, enpresa erraldoiek estatuek baina botere handiagoa pilatzen duten eta enpresa hauen datuak gordetzen diren ingurune birtual bat dagoen , matrize deiturikoa, ezaguna egiten zaizu izena? Hau da eleberri honek geroagoko obretan izan duen eragin izugarriaren adibideetako bat. Wachowsky ahizpen trilogia ezagunaren izena eleberri honetatik dator eta ziberespazio hitza ere William Gibson idazlearen istorio labur batean erabili zen lehenengoz, Keanu Reeves aktorea protagonista zuen filme kaxkar bat emango zuen “Johnny Mnemonic”.

“Neuromancer”-era itzuliz, eleberriak Henry Dorsett Case du protagonista, bere garaian datuen matrize horretan hacker bezala abilezia handiz mugitzen zena, bere nagusiak engainatu zituen arte eta hauek zigor bezala ziberespazio horretara konektatzeko ahalmena kimikoki “kastratu” zioten arte. Orain, ahal duen bezala, hirugarren mailako gaizkile bezala egiten dituen lanen bidez bere adikzioak ordaintzen saiatzen den bitartean Armitage gizon misteriotsuaren eta Molly, honen lankidearen bixita jasotzen du, ukaezina den eskeintza bat ekartzen diotelarik.

Ez dugu gehiago esango istorio honen argumentuaz, baina irakurleak Star Wars eta Star Trek bezalako pertsonai ñoñoekin zerikusirik ez duten istorio ilunagoak bilatzen baditu, zientzia fikzioaren klasiko honetaz ederki goza dezake.

Diseño y desarrollo Tantatic