Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2018-02-13

Friki Txoko IX: Telesail feministak?

Allison Bechdel komiki egilearen eta bere lagun Liz Wallacen artean test  bat sortu zuten (Bechdel-en testa bezala ezagutzen dena) , fikzio lanetan emakumeen presentziaren ebaluaketa bat egiteko balio duena. Testak hiru arau sinple ditu:

1. Gutxienez emakumezko bi pertsonaia daude.

2. Pertsonaia hauek bere artean hitz egiten dute momenturen batean.

3. Pertsonaia hauen arteko elkarrizketan ez dute gizonei buruz hitz egiten.

Ez dakit norbait harrituko den esaten badugu proba hau telesail eta pelikula gehienek ez dutela pasatzen. Gaurkoan test hau sobera gainditzen duten, friki-txokoak ziurtatzen duen kalitate maila duten eta emakumeek eginak diren  hiru telesail ekarri ditugu gurera.

Orange is the new black

Benetan gertatutako testigantza bat du oinarri urrun bezala telesailak. Klase ertain-altuko neska batek kartzelara joan behar du urte betez, gaztaroan korritutako abentura zoro batzuen ordainetan. Aitzaki honekin, emakumeentzako kartzela bateko bizitza kontatzen du telesailak, tonu nahiko arin eta umoretsuan. Nahiz eta esan daitekeen errealismotik gero eta gehiago urruntzen joan dela,  istorio entretenigarriak, kritika zorrotza eta pertsonaia maitagarriak ez dira faltako orain arte egin dituzten bost denboraldietan.

Girls

20-25 minutuko atalak dituen komedia honek 6 denboraldi izan ditu HBO katean eta New York-en bizi diren lau neskaren gorabeherak kontatzen ditu. Pertsonaia zoroen desfile honek maila ona mantentzen du bere denboraldi guztietan zehar eta azpimarratzekoa da Lena Dunham-en lana, protagonista nagusi , kapitulu askoren gidoigile/zuzendari eta fisiko ez-normatiboen errebindikatzaile exibizionista gixa.

The handmaid`s tale

Iazko denboraldiko serie arrakastatsuenen artean kokatu zen “Neskamearen istorio” hau. Margaret Atwood idazlearen 1985. urteko eleberri batean oinarritzen da telesail hau eta ipar-amerika estatu are faxista eta atzerakoiago bat bihurtu deneko distopia bat kontatzen du.  Emakume gehienak antzuak dira aurkezten den etorkizun horretan eta ugaltzeko aukerak dituzten emakumeak neskame-esklabu moduan bizitzera behartzen dituzte. Telesailak neskame hauetako baten historia kontatzen du , estetika oso zaindu eta tonu gogor eta gupidagabean. Bigarren denboraldia apirilean estreinatuko dute.

 

Diseño y desarrollo Tantatic