Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2016-09-29

David Lynch

Oraingoan jende askok ezagutuko duen filme zuzendari batekin gatoz. Nahiz eta publiko zabalak ezagutuko dituen pelikula eta telesailen bat sortu dituen egilea izan, gaurko protagonistari ezin zaio frikiaren etiketa ukatu. Margolaria zen hasiera batean eta arte mota berriekin probatzen, “Six men getting sick (six times)” laburmetraia sortu zuen, bere izenburuak dioen bezala, 6 “gizon” 6 aldiz oka egiten erakusten dituen animazio esperimentala da, eta froga ederra gizon honen irudimen berezi eta gaixotuarena.

Sariren bat irabazi zuen obra horri esker (youtuben ikusi dezakezue) eta bere lehen pelikula sortu zuen 1977an , “Eraserhead”. Hau ere lan surrealista eta ikusi eta ulertzeko benetan zaila egin daitekeena. Txuri beltzean grabatua, aitatasunaren inguruko gogoeta bat omen da, baina egia esan Lynch-en lan ugarirekin gertatuko den bezala, argumentua ez da agerikoa izango askotan, ezta beharrik ere. Askotan eskatu diote Lynch jaunari bere obren esanahia azaltzeko , baina bera ez da horren aldekoa eta ikusle bakoitzean bere lanak sortzen duen esperientzia pertsonal eta propioak duela benetako garrantzia defendatzen du.

Guzti hau esanda, argituko dugu badaudela pelikula “arraro” hauetako dexente bere filmografian baina badituela ere beste batzuk “normalagoak” non pelikularen argumentua arazo gehiegirik gabe azaldu dezakegun.

10 filme egin ditu guztira David Lynch-ek, azkena orain dela 10 urte (Inland empire, 2006) eta bere protagonistari galdetu ziotenean zertaz zihoan pelikula, ez zen gai izan erantzuteko.Oraingoz bere hurrengo proiektuen artean pelikula berririk ez dagoen arren, azken aldian berriro dago frikien ahotan Twin Peaks telesailaren hirugarren denboraldia prestatzen baitago (2017an estreinatuko da).

Txoko honetarako hiru filme gomendatuko ditugu:

- “The elephant man “(1980) Lynch-en bigarren pelikula eta ikuslego zabalean zaletasunak sortu zituen lehen lana. Joseph Merrick-en benetako historioa kontatzen du, gizon honek gorputzean malformazio izugarriak zituen eta zirkoetan naturaren bitxikeria bezala erakutsia izan zen.Jasan zuen bizitza gogorrak bere izaera apal eta goxoarekin talka egiten du eta pelikula honetan modu ederrean erakusten zaigu hau.

- “Blue velvet” (1986) pelikula honetan maisuki nahasten dira , amerikar gizarte idilikoaren atzean dauden miseriak, gaizkile banda basatiak eta inozentzia galtzen duten gaztetxoak. Lynch-en lan ezagunenetako bat eta argumentu ulergarria eta ukitu surrealistak erakusten dizkigun lana.

- “Mulholland drive” (2001) Hau da pertsonalki Lynch-en nire pelikula gogokoena. Hollywood-en aktore bezala lan egin nahi duen neskato xarmangarri baten istorioak, sorpresa asko ekarriko dizkigu. Nahiz eta ez ulertu esaten diguten guztia, istorioak, pertsonaiek eta musikak Los Angeles-eko errepide korapilatsu honetatik bidai hipnotikoan eramango gaituzte eta ikusle adienek, istorio honen azpian dauden gako ezberdinak topa ditzakete, edo ez, baina esan bezala hori ez da garrantzizkoa, baizik eta bidaiaz gozatzea.

Diseño y desarrollo Tantatic