Aszen Argandoña

Aszen Argandoña

2014-10-25

Ahal dena, itsasoan den arrainik ugariena

Zenbat aldiz ez ote diogun esaten geure buruari “ahal izan dudan guztia egin dut, baina …” ? Zenbat aldiz ez ote diguten beste batzuek hori bera esaten? Euskararen aldeko lanean ari garenok, behinik behin, maiz entzuten ditugu era horretakoak. Hala ere, ederki dakigu ahalegin guztiak ez direla neurri berekoak izaten; baten saiatzetik beste baten saiatzera alde ederra dagoela, alegia.
Ahal duena egiten omen du Nafarroako Gobernuak euskararen alde. Hala diote Euskarabideko txotxongiloek behintzat. Azken urteotako krisialdi ekonomikoak behartuta hartu behar izan omen dituzte gustuko ez dituzten hainbat neurri, herriak sortutako euskaltegiak batere laguntzarik gabe uzteraino, esaterako. Gogoz kontra erabaki behar izan omen dute Francoren menpeko diputazioak ere diruz laguntzen zituen euskaltegiak  ekonomikoki itotzea. Hala dio, inolako lotsa arrastorik gabe, Iribas jaunak, ez euskalduntzat jotzen duten eremuko ikastolen lana berriki goraipatu digun berak. 
Ahal duena egiten du, halaber, euskara ikasten ez hasteko beti aitzakia merkeren bat aurkitzen duen zenbaitek ere, Euskal Herria eta enparauak hitzetik hortzera darabiltzaten askok. Ahal duena, jakina, euskaraz jakin arren ondoko euskaldunari gaztelaniaz egiten dionak. Ahal duena, noski, arazorik ez izateko burua otzan-otzan makurtzen duen euskaldunak, bere herrian atzerritar ezeroso sentiarazten duten bakoitzean.
Ahal duena egiten du euskaldunari beti euskaraz egiten dionak ere. Ahal duena egunero euskaltegian gure hizkuntza ikasten bi ordu ematen dituenak. Ahal duena, bai horixe, noiznahi eta nonahi lehen hitza euskaraz egiten duenak. Ahal duena zerbait erostean edo zerbitzuren bat kontratatzean gure hizkuntzarekin begirunez jokatzen duenarengana jotzen duenak. Ahal duena bere herrian atzerritar ezeroso sentitzen den bakoitzean hortzak erakusten dituenak. Ahal duena Euskal Herrian euskaldunok nagusi izan arte amore emateko inolako asmorik ez duenak.
Izan ere, garbi dago ahaleginak hamaika eratakoak izaten direla, ahal dena itsasoan den arrainik ugariena baita.

Diseño y desarrollo Tantatic