Gutuna - Cartas

2018-12-26

Ama, Olentzerok hitz egin du erdaraz

Josune Aznarez Alkat
----------

Iruñerrian, 2018. urtean, latza suertatzen da seme-alabak euskara hutsean heztea. Hala ere, gero eta gehiago gara ahalegin horretan dihardugunok. Gure kasuan, guraso biok euskaldun berriak gara, D ereduko (baina guraso erdalduneko) ikasleak. Alabaz haurdun geratu ginenean hartu genuen erabakia: une horretatik aurrera euskaraz arituko ginen eta euskara izanen zen gure etxeko hizkuntza. Erabaki zaila, eta konpromezu handia eskatzen duena, gure inguruan erdaldun asko dagoela kontuan hartuta, batez ere.

Alaba jaio zenetik 5 urte pasatu dira (gerora ere semea sortu zen) eta tinko eutsi diogu erabakiari, zailtasunak zailtasun.

Gurekin elkarlanean eskola dugu; izan ere, D ereduko eskoletan, oro har, umeak erdaraz aritzen dira, gehienen ama-hizkuntza horixe baita eta joera hori baitute. Azken hilabetean, baina, eskolak alabaren gelako ume guztiek euskaraz egitea lortu du. Nola? Bada, Mari Domingik eta Olentzerok euskara asko maite dutela eta guk euskaraz egitea gustuko dutela esanez. Nik neuk frogatu izan dut, alaba eta bere lagunekin. Eraginkorra da oso, euskaraz hasten dira segituan.

Abenduaren 24an Barañainera joan ginen, Olentzero eta Mari Domingi ikusteko asmoz. Herri guztian zehar ibili eta gero, Udaletxe plazara iritsi eta eszenatokira igo ziren. Plaza jendez lepo zegoen. Alaba aitarekin hurbildu zen, ni semearekin atzerago gelditu nintzen bitartean. Hizketan hasi eta, euskaraz hasi ziren arren, ia-ia dena gazteleraz esan zuten. Haserrearen
haserreaz alde egin nuen, entzuten ari nintzena sinistu ezinik. Olentzero eta Mari Domingi gazteleraz; nola liteke? Horretan ere amore eman behar al dugu euskaldunok?

Bihotza apurtu zitzaidan alaba etxera iritsi, niri begiratu eta esan zidanean: Ama, Olentzerok hitz egin du erdaraz. Baliabide eta aukera ederra galdu genuen atzo, Barañainen, Iruñerri euskaldun bat lortu nahi dugun guztiok.

Diseño y desarrollo Tantatic