2014-11-05
Sociedad - Gizartea

Sahats euskaltegia, helduak euskalduntzen ia 40 urte

Barañaingo euskaltegia bisitatu dugu egiten duten lana ezagutzeko.

Euskaltegiak 20 urte ospatu zueneko argazkia orduko irakasleekin
Euskaltegiak 20 urte ospatu zueneko argazkia orduko irakasleekin (Arg:Utzitakoa)

Barañaingo Sahats euskaltegia 1976/1977 ikasturteetan sortu zen eta 1989. urtera arte AEKko sarean koordinatzen zen, ordutik IKAra igaro zelarik. Aurrerago ere gau eskolak izan ziren. «Arturo Kanpion euskaltegia izan zen lehendabizikoa Euskal Herrian, 1972-73 ikasturtean eta Kanpionen filosofia tokian tokiko euskaltegiak sortzea zen; horrela sortu zen Barañaingoa», azaltzen du euskaltegiko Joxerra Olanok. Berak eta Aszen Argandoñak ez dituzte garai horiek ezagutu baina gogoan dituzte izen batzuk: Txana, Arrosa Sestorain… Arturo Kanpionetik etorri zirenak klase ematera.

«Herri zaharrean, elizan, uste dut, ematen zirela klaseak, hortik eskolara pasatu ziren. Gero orain posta dagoen tokian, Sahats plazan, ibili ziren. Ni oraindik ikasle nintzen garai horretan. Hortik udaleko lokaletara, gaztetxea izan zenekora, pasatu ginen 1990/1991ean eta zazpi urteren buruan, 1997ean Haraneko etorbidera, orain gauden lekura», azaltzen du Aszenek. «Lokal publikoetan izan gara beti, instituzioak inplikatzea nahi genuen», gaineratzen du.

Ia 300 ikasle 1995ean

«Ni 1990/1991an edo etorri nintzen euskaltegi honetara eta orduan 80-90 ikasle inguru ziren baina hamarkada horretan boom handia izan genuen: 1995/1996 ikasturtean iritsi ginen 290 ikasle izateraino, udal plazako lokal horretan. Gorakada orokorra izan zen Nafarroan eta loraldia ikusita etorri zen gero hizkuntza politikaren gogortzea», dio Joxerrak. 

Beherakada izan zen 2000.eko lehenengo hamarkadan eta urtero 120-130 ikasle inguru izatera igaro zen. Ez da kopuru makala ere. Hala ere, kopuru kontuak adierazgarriak ez direla  ohartzen du Joxerrak. «Erritmoak dira inportanteak; ikastordutan neurtzen dut nik jarduera: izan ditzakezu 200 ikasle baina astean bi orduko erritmoan ari badira gizartean horrek duen eragina oso txikia da», dio Olanok. Euskaltegiaren helburua «ahalik eta azkarren hiztunak sortzea» dela azpimarratzen du Argandoñak.

Hiztunak sortu

«Gure metodologia oso komunikatiboa da. Guk hiztunak sortu nahi ditugu, horregatik hasieratik esaten diegu ikasleei paperik eta koadernorik ez ekartzeko, beharrezkoa izatekotan hemen emanen zaiela. Hasieran esaldi eginak, ideiak erakusten ditugu, hizkuntzaren musikalitatea, abiadura eta sonoridadea ezagutzea ere nahi dugu. Dinamika biziko klaseak dira, hastirik izan ez dezan ikasleak erderara jotzeko. Gauzak errepikatzeak garrantzi handia du», dio Aszenek.

«Askoz metodologia hobea erabiltzen da euskaltegietan beste toki batzuetan baino, eskola barne», uste du Joxerrak. «Eskolan kontuak egiten ditut: orain ingelesarekin bueltan dabiltza eta 18 urte egin arte hizkuntzarekin 1700 ordu egingo dituztela ateratzen zaizkizu. Helburua B1 maila izatea bada, ordu asko dira helburu horretarako. Guk 125 orduetako 12 urrats prestatzen ditugu, hau da, 1500 ordutan C1 maila ateratzeko eta helduek ez dute teorian ikasteko gazteek adina erraztasunik», gaineratzen du.

Euskara kalean gehiago entzuten dela diote, baina gehiago da helduen artean haur eta gaztetxoen artean baino. Joxerraren ustetan, «iritzi pertsonala da gaztelania nagusi den lekuetan eskolak ez duela hizkuntza zabaltzen» eta hori gazte batzuk gaitasun komunikatibo jakin bat dutela kontutan hartuta. «Gaitasun horrek ez du erabileran isladarik», uste du euskaltegiko kideak.

«Horregatik diogu bi hanka direla: gazteen hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Helduena oso garrantzitsua da. Bestela haurrak eskolatik ateratzen direnean, norekin egin behar dute euskara? Eredu bat behar izaten dute, horregatik trasmisioa oso inportantea da», uste du Aszenek.

Diru-laguntzarik gabe

Euskaltegian ikasleei erraztasunak eman behar dizkiete eta horien beharrei egokitu: goizean, arratsaldean eta gauean klaseak edo tutoretzak eskaini, bekak… Eta herritarren laguntzarik gabe ekimena alferrikakoa litzateke.

«Jendea kontrakoa pentsatzen badu ere, 72-73 ikasturtean Nafarroako diputazio frankistak diruz lagundu zuen Arturo Kanpion euskaltegia. Orain behin baino gehiagotan esaten diogu Iribasi garai horretan baino okerrago gaudela. Hirugarren ikasturtea izanen da gobernuak hitzemandako diru laguntzarik gabe, 757 egun daramatzagu horrela», dio Olanok

Arazoa irizpide falta dela uste du Olanok eta hortaz, euskalduntzeko laguntza garaian garaiko borondate politikoaren menpe dagoela. «Kostua hartzea eta horren ehuneko bat diruz-laguntzea izan daiteke irizpide bat; gure eskakizun historikoa izan da irizpidearena. Azken batean, Nafarroako Gobernuak ez du sekula euskalduntze zerbitzurik eman, urte askoan ez du inolako baliabiderik jarri horretarako», dio Olanok. Horren ordez, estrategia dirurik ez eman eta konpetentzia egitea dela uste du. «Uhartekoarekin gertatu dena, adibidez, eskaintzen dute IKA eta AEKko euskaltegiek eskaintzen dugun berdina baina lau aldiz merkeago. Hori bai Iruñerrian bakarrik, ez baitira joaten zerbitzua eskaintzera Erribera aldera eta Pirineotara. Garbi dago helburua zein den: batetik dirua kendu herri ekimeneko euskaltegiei eta bestetik jendea ere kentzea», uste du Joxerrak.

Barañaingo udalak euskara ikasteko bekak eskaintzen ditu eta euskaltegiari lokala erabiltzeko baimena eta ura eta argindarra ordaintzen ditu. Dirutan 1.500 euro jasotzen du euskaltegiak Udaletik.

Herri babesa

Laguntzarik handiena herritarrengantik datorrela adierazten dute Aszenek eta Joxerrak. «Euskaltegiak laguntzaile sare polita du, 8000-9000 euro inguru jasotzen ditu jendeak emanak, senide, lagun, ikasle eta irakasle izan direnen eskutik. Gero baita zozketak, afariak, sagardotegiak… egiten ditugu, baita itzulpenak… diru sarrera txiki asko dira», dio Olanok. Bestelako diru sarrera 2003. urtera arte jaietan jartzen zuten txosna zen.

«Txanak kontatu zidan bi txosna jarri zirela lehendabizi Barañainen, Gestorasekoa eta euskaltegikoa, nik oraindik euskara ikasten nengoela. Hona etorri nintzenean –duela 30 urte- jarraitu genuen txosnarekin beti dirutxo bat ateratzen genuelako 2003. urtera arte. Ordurako lan handia zen, zenbat eta urte gehiago eman orduan eta zaharragoak eta parte hartzeko irizpideak ere ez zeuden argi, eta horrela utzi genion jartzen», dio Argandoñak. Baita ere, gogoan dute 2004ean kontzertu handi bat antolatu zutela dirua lortzeko, Su Ta Gar, Reincidentes eta Berri Txarrak taldeekin Alaitzeko patioan eta 3000 lagunetik gora elkartu zirela.

Prestakuntza handia behar duten ekitaldiak alde batera utzi zituzten, denbora eta indarra behar baita horretarako eta euskaltegian lanean diren bost irakasleak, klaseak amateaz gainera barneko beste hainbat lan dituzte (antolakuntza, didaktika, diru kontuak, ordezkaritza lanak, Bai Euskarari…). Hala ere, bestelako kultur jarduerak antolatu edo horietan parte hartzen dute: kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, ihauteriak, santa ageda bezpera.... Euskaraz mintzatu, komunikatu, kontsumitu, sortu, gozatu eta bizitzeko pausoak ematen. 

Diseño y desarrollo Tantatic