2017-06-26
Sociedad - Gizartea

Festetan gozatu eta aldi berean zaindu daiteke?

Hegoak Elkartea Txosnetan izango da “Druida Gunearekin” asteazkenean, ekainak 28, 23:00etatik 03:00etara.

Argazkia: Hegoak Elkartea.

HEGOAK ELKARTEA | Beste behin ere, Hegoak, drogekin erlazionatutako arazoen prebentzioan diharduen Elkartea, arrisku eta kalteen murrizketaren ikuspuntutik, Barañaingo jaietan inplikatu da modu desberdinetan.

Aurreko urtean festak antolatzeko prozesua abian jarri zenetik, Hegoakek arrisku murrizketa hurbildu zigun herrira, hausnarketa sortzeko asmoz. Iruñerria mailan eta bereziki Barañainen ere, herriko festak baloreetan oinarritzen hasi ziren eta hori dela eta, drogekin dauden erlazioen inguruan ere zenbait jarrera aztertzea interesgarria zela pentsatu zuen elkarteak.

Honen harira, aurten Hegoakek Udaletxeko Gazte Teknikariarekin batera “Festetan nola gozatu eta zaindu” kanpaina sortu du. Kanpaina honen helburua herri mailako jende guztiarengana zenbait hausnarketa zabaltzea izanen da; bai ostalari, komertzioetako langile eta jende helduari zuzenduta, zein herrian festak gozatzen parte hartzen duten gazteei ere. Kanpaina zabal honetan “uneoro gozatzea zure esku dago” gogorarazten dute eta gainera zenbait ideia ere atxikitzen dituzte arriskuak murrizteko.

Zeure erara ibili

Festetako jarduera programa anitza dela gogorarazten digute, hortaz, bakoitzak erabaki ditzake zerekin gozatu nahi duen, jendea ezagutu…

Ur pixka bat?

Festetan oso garrantzitsua baita ura edatea, izan ere, parranda bizitzeko eta drogek sortzen duten deshidratazioari aurre egiteko, ezinbestekoa da.

Jango al dugu?

Osasuntsu jatea, nahiz eta festak izan, indarberritzeko aukera ematen digu eta horrela bizitasun gehiago izanen dugu gozatzen jarraitzeko.

Lo indar-berritzailea

Atseden aldiak, siesta… pilak kargatzen dizkigulako.

Drogekin ala gabe?

Zer? Nola? Noiz? Kontutan izaten al dugu? Droga kontsumitzeak arriskuak dakartza eta erabaki bat hartu aurretik, gogoeta egiteak, arriskuak murrizten lagunduko digu. Gainera, bakoitzaren erabakiak errespetatzea garrantzitsua da, izan ere, ez-kontsumitzea hautazkoa da eta bakoitzak badaki nola gozatu nahi duen.

Helduak ispilu dira

Honekin batera, helduei zuzendutako mezuak ere ekartzen dizkigute, izan ere, helduak ispilu dira gazteentzat, hauen eredua transmititzen baita. Horrela, gogora ekartzen dute komunikazioa baliabide bezala, konfiantza eta ardura garrantzizko elementuak.

Arrisku Murrizketa Txosnetan

Hegoak Elkartea Txosnetan izango da “Druida Gunearekin” asteazken gauean 23:00etatik 03:00etara, betiko moduan arrisku murrizketaren esku-hartzean eta substantzien analisirako zerbitzuarekin.

Bestalde, prozesu parte-hartzaile bat landu da “Txosna Batzordearekin” eta eskuragarri diren edalontzietan hausnarketan lagunduko duten mezua helaraziko digute.

 

Diseño y desarrollo Tantatic