2016-03-30
Osasungintza - Salud

Drogak eta jai giroetako harremanaren arriskuaz hausnartzeko gonbitea

Hegoak elkartetik gonbitea luzatzen dute gai hauetaz hausnartzeko.

Drogei buruz hitz egiterakoan, jai giroan eta pertsona arteko harremanetan ditugun helburuei buruz hausnartzea proposatzen dute. (Argazkia: Hegoak Elkartea)

Datorren apirilaren 7an 15:00etan NUPen egingo duten zinema-forumaren harira eta apirileko ikasle Karpari begira, Hegoak elkartetik gonbitea luzatzen dute drogaren eta jai giroetan sortzen diren harremanei buruz hausnartzeko. 

Hegoak Elkarteak azaltzen duenez, elkarteak Drogekin erlazionatutako arazoen prebentzioan Arriskuen Murrizketa hizpide izanda, Drogekin erlazionatutako hainbat gairen inguruan hausnarketa zabaltzea du helburu. Honenbestez, faktore desberdinak dira kontutan hartzekoak; eta ez bakarrik droga kontsumoari lotutako horiek.

Bide batez, gai honen inguruan sakontzeko datorren apirilaren 7an 15:00etan, NUP-en zinema-foruma eginen dutela diote eta bertan sexua eta drogekin erlazionatutako laburmetraia baten ondotik, hausnarketan arituko dira eta zalantzak argituko dituzte. Egitarau honen helburua datorren apirilan izango den Karpa-ri begira, harremanak sortzeko filosofiari buruz gogoeta egitea da, honenbestez, norberak bere burua aztertzea eta aurre-gogoeta baten ondotik, arriskuak murrizteko estrategiak bultzatzea.

Norbere burua ezagutzea, arriskuak murrizteko ardatza

Norberaren ezaugarriak, bizitza ohiturak, autoestimua, hezkuntza emozionala eta gaitasun pertsonalak dira droga kontsumoa baldintzatuko duten faktoreak, Hegoak Elkartetik adierazten dutenez; «besteen artean, asertibitatez jokatzea bizitzak ekartzen dizkigun momentuen aurrean, ezetz esaten jakitea, edota, norberak bere burua ezagutzea, jakiteko nolakoa naizen eta zein gauza ditudan gustuko zein momentutan, zergatik baietz esan kontsumo baten aurrean edo zergatik erabaki ez kontsumitzeko…». 

Horrela erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa izanen dugula uste dute. «Hortaz, gure burua ezagutzeko lan pertsonala egiteak eta arriskuak murrizteko jarraibideak ezagutzeak, droga kontsumoarekin erlazionatutako arazoen prebentzioan eragin zuzena izango dute», gaineratzen dute. 

Substantzien ezaugarriak eta benekotasuna

Elkartetik azaltzen dutenez, droga legal eta ilegalen ezaugarriak ezagutzeak baldintzatuko du ere bai, biziko ditugun arriskuak. «Droga legalen kasuan, oso ezezagunak dira adibidez, tabakoaren osagaiak. Hauek ezagutzen ez baditugu, zaila izango da ongi jakitea tabakoaren kontsumoarekin erlazionatutako arriskuak zeintzuk diren», diote. 

Hala ere, gaineratzen dutenez, merkatu ilegaleko substantzien kasuan zaila da ongi ezagutzea zeintzuk diren eskuratutako substantziaren osagaiak edo honen benekotasuna. Hortaz, hau ezagutzeko, Hegoak Elkartean substantzien analisirako zerbitzua eskaintzen dute eta zuzenean telefonoz hots egin eta bertara joan besterik ez da behar. Baita, Hegoakeko webgunean, droga legalen eta ilegalei buruzko informazioa aurki daiteke; esaterako, ezaugarriak eta arriskuak murrizteko jarraibideak.

Testu-ingurua, inguratzen nauen oro

«Gure izaera eratzen dugunean, eragina ere izaten du bizi dugun testu-inguruak. Esaterako, gure izaera familian sortzen dugu eta kulturaren eraginez ere, modu batean edo bestean jokatzen dugu. Gure izaeran ere sexualitateak eragina du; hau da, nola bizi dugu edo ulertzen eta sentitzen dugu gizon edo emakumea izatea, eta nola erlazionatzen gara ondokoekin», uste dute Hegoak Elkartetik.

Honekin batera, droga kontsumoak gizon eta emakumeei era ezberdinean eragiten diela kontutan hartu behar dela ohartzen dute «desberdinak baikara, eta hau ere kontutan hartzekoa da arriskuak murrizterakoan; substantzia mota, eraginak, kantitatea, non kontsumitu, norekin, etab. luze bat». 

Aldi berean, gauza berriak bizitzea gustoko dugula uste dute. «Biziko ditugun sentsazioak ere norberaren araberakoak izan daitezke substantzia bat kontsumitzen dugunean, eta ez da gauza bera ligatzea gure burua kontrolatzen dugunean edo antsietatearekin egiten badugu, ezta hala?», galdegiten dute.

Hortaz, jai giroetan norbanakoak duen helburuaz hausnartzeko gonbitea egiten dute. «Jai giroetan edo ospakizunetan, ateratzen garenean izaten dugun helburuak ere garrantzi handia izaten du jasoko dugun emaitzan. Ez da gauza bera lagunekin gozatzeko edo ongi pasatzeko ateratzen garenean, edo zehazki ligatzera ateratzen bagara. Izan ere, gure aurreikuspenen arabera modu batean edo bestean jokatuko dugu eta drogekin erlazionatzen bagara ere, emaitza hau oso aldakorra izango da gure helburuaren arabera, izan ere, gure buruari proposatutako helburua ez betetzeak, frustrazioa eragin dezake», uste dute Hegoak elkartetik. Honenbestez, helburuen inguruan hausnartu eta gogoeta egitea proposatzen dute, izan ere, horren arabera arriskuak murriztu daitezkeelako.

Diseño y desarrollo Tantatic